Amodiozko_gutun_onena.

Aurtengoa, behintzet. Bergarako Jardun elkarteak antolaturiko lehiaketaren irabazli izen da.

Sustatu.com-etik lapurtutako barridxon topauot karta politte hau, Ohian Zubizarretak idatzitte. Aupa Ohian.

A, SMS lehiaketaren mezu irabazli ez dago batere gaizki: “Gra2tat indrraz ny nuke jabtu, zre grputza nigna erkrtzeko. Uneoro zu nre ganean, ni zre azpian eotko. Newton ta bre sagarra. Zu ta ni

Al turrón. Amodiozko karta:

Frekuentzia modulatuan, goizero, goizero…

Honenbestez goizak eman duena izan duzu hori entzule maite, bihar ere frekuentzietan galdu barik, hemen izango gaituzu, ondo izan…

Eta horrela, egunero agurtzen gaituzu entzule fidelenak. Zure ahots eztia garrazten hasita egoten da ordurako, nekatuta, dardarka. Eta hurrengo goizera arteko minutuen zain gelditzen gara, besteon eguna hastera doalako penatuta. Eta aurpegian goizero marrazten zaizkidan izaren arrastoak uretan garbitzen saiatzen naiz, gero tabernako zuloan itxura mantentzeko edo. Eta badakit bazkalondoko kafearekin (azukre gabe) aurkitu zaitudala han, eta presaka, urduri, balantzaka joaten naiz eguerdiko lehenengo minutuetan taberna irekitzera.

Oraindik ere gogoan daukat, lehenbiziko aldiz zure ahotsari aurpegia jarri nioneko hura. Ordura arte, tabernako barrara hurbiltzen ziren aurpegiei ahotsa jartzen ohitua nintzen, ez ordea zurea hots eztiari aurpegi bat irudikatzen, zure irribarrearen trazuak imajinatzen. Ezagutu zintudaneko eguna izan zen hura, eta zuk artean, betiko zerbitzaritzat ninduzun, nik ordea luzez ezagutzen nuen pertsona ikusi nuen aurrez aurre, eta ezagutu egin zintudan. Eta anonimo nintzen zure begietara, baina zu zinen nire belarrietara eta begietara. Eta pentsatzen dut maitasun radiofoniko bat zarela, edo bederen, ahotsaren parabola bat, edo komunikazioaren hiperbole bat… zer dakit nik.

Eta artean, egundo ez dizut ezer esan, “Laurogeita hamabost” baino ez, behin eta berriro, eta kikara alboan beti jartzen dizudan azukre poltsatxoa erretiratzen dut, eta zure gozotasunaren zatitxo hori egunero lapurtu. Eta ez dakit, gaur arte zenbat poltsatxo kolekzionatuko nituen, ehunka, milaka, ez dakit… asko. Gozoa zara eta, asko. Eta irri egiten diozu egunero, nire ateraldi xelebreari, azukrerik gabeko kafea hartzen duzula noiz ikasiko dudan zain. Baina zerbait gehiago entzun gura nizuke, “kafe bat” baino zertxobait gehiago… eta egunero imajinatzen zaitut mikrofonoaren aurrean pausatuta, irakurtzen duzun notizia bakoitzari zein aurpegi jarriko diozun galdezka. Eta entzun gura nuke, zure ahotsak irratiko bozgorailuan kolpetxoak ematen dituen bitartean, tarteka zure arnasaren jolasa nabaritzen den bitartean, merkadilloko galtzetin pareak merkatu direla, ogia inoiz baino gutxiago garestitu dela, munduan justizia dagoela, bihar eguzkiak esnatuko nauela… baina imajinatu gura zintuzket, niri hitz egiten, eta kafe gozoenak azukre gabeak direla esaten eta zapore mingotsik ez duela uzten zure mihi puntan, eta tira, kafe goxo batek pizten dizula eguerdiro barrena, eta maite nauzula… Ezen egunero markatzen baitizkizut axota gorri batekin tabernako egunkarian notizia kuriosoenak, biharamunean ahotsa jar diezaiezun… eta urduri, nire baitan ezin kabiturik, itxaroten dizut irratiaren aurrean, bezperako ordu txikitan amak zorabiatzen duen frekuentzian zure ahotsa aurkituaz, instante bat bera ere galtzeko beldurrez. Eta batzuetan AModioan aurkituko zaitudala pentsatzen dut, eta irri inozo bat marrazten da nire ezpainetan, eta frekuentziak galtzen ditudan orotan bilatzen zaitut… frekuentzia modulatuan, modulatuko nauzun zain… egunero entzuten zaitut, eta egunero ikusten…
Frekuentziak, kafeak eta trazu gorriak. Ahots gozoa dastatzeko, frekuentzia modulatuari lotuta zuri muxu bat edo bi emateko. Trazu gorriak frekuentzietan nahastu daitezen, maite nauzula entzun dezadan. Kafeak, frekuentzietatik ihes egiteko, elkarrekin galdu gaitezen eta bion mingotsa, bion gozoarekin nahastu dadila…
Eta goizero, egun ona opatu gura nizuke, lo orduen azkenetan izaratan kateatuta. Eta hitzokin, bide batez zu agurtu eta bihar arte ikusiko ez garenez, arrats ona opatu, eta biharko kafean itxarongo zaitudala esan.

Axota gorriaren trazugileak,

Bihar ere azukre gabekoa aterako dizut, seguru. Zure muxu gozo baten zain.

This entry was posted in Euskara. Bookmark the permalink.

Leave a Reply